ZINEXITEN AURKEZPENA GIZA ESKUBIDEEN ZINEMA ERAKUSTALDIA
Zinexiten XIV. edizioak Giza Eskubideei buruz hausnartzera gonbidatzen gaitu zinema berrieneko lau lanen eta Hollywoodeko klasiko baten bidez
- Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak sustatzen duen Giza Eskubideen Zinema Erakustaldia azaroaren 25etik 29ra egingo da Azkuna Zentroko Golem Zinema-aretoetan, 19:30ean. Sarrera doakoa da eta gonbidapenak txarteldegian jaso daitezke bihartik, azaroaren 23tik, aurrera
- Duintasuna, nortasunaren bilaketa, erresilientzia edo ahalduntzea, besteak beste, lantzen dituen begirada intimoa eta pertsonala jorratuko da edizio honetan, Sueños y pan, Remember my name, Pure unknown eta Black box diaries filmen bidez. Lau titulu horiek lehen aldiz ikusi ahal izango dira Bilbon
- Erakustaldiari maisulan honekin emango zaio amaiera: Matar a un ruiseñor
- Beste ikasturte batez, ZINEXIT DLHko eta DBHko ikasleengana zabalduko da, Bilboko Udaleko Giza Eskubideen, Bizikidetzaren, Lankidetzaren eta Kulturartekotasunaren Sailak antolatutako ZINEXIT Eskola eta Bosa! programen bidez.
ERAKUSTALDIAREN ETA FILMEN MATERIAL GRAFIKOA DESKARGATZEKO ESTEKA: https://drive.google.com/drive/folders/1P7sla7JBcnilIEAhMKV-MXb_Wf1biAl0?usp=sharing
Bilbon, 2024ko azaroaren 22an. ZINEXIT, Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailak –Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasunaren Zuzendaritzaren bidez– sustatzen duen Giza Eskubideen Zinema Erakustaldia Bilbora itzuliko da aurten ere, erreferentziazko lan zinematografikoetatik abiatuta oinarrizko eskubideen inguruan gogoeta egitera gonbidatzeko, zineforum klasikoen eskemari jarraituz: film baten proiekzioa eta, ondoren, bertan dauden ikus-entzuleei irekitako eztabaida. Ekimenak hamalaugarren edizioa du dagoeneko, eta zazpigarren artea maite dutenentzat oso programazioa interesgarria aurkezten du, nazioarteko zinema berrienaren lau titulurekin eta Hollywoodeko klasiko batekin.
ZINEXIT azaroaren 25etik, astelehena, 29ra, ostirala, egingo da Bilboko Azkuna Zentroko Golem zinema-aretoetan. Saioak 19:30ean hasiko dira eta sarrera doakoa izango da leku guztiak bete arte; gonbidapenak bihartik, larunbata 23, aurrera zinema-aretoko leihatiletan jaso daitezke, agortu arte. Bi sarrera eska daitezke pertsona eta film bakoitzeko.
Edizio honetako programa osatzen duten filmen erakargarritasunaz gain –guztiak estreinaldiak dira Bilbon–, ZINEXITek proiekzio bakoitzaren ondorengo solasaldietara gonbidatutako pertsonen balio erantsia ematen du.
Jagoba Álvarez Ereñok, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren zuzendariak, aurkeztu du erakustaldia gaur goizean Bilbon, eta Carlos Regidor, Bilboko Udaleko Giza Eskubideen, Bizikidetzaren, Lankidetzaren eta Kulturartekotasunaren Saileko burua, eta Octavio González, ZINEXITeko programatzailea ere bertan izan dira.
ZINEMA PENTSAMENDU KRITIKOA SUSTATZEKO BITARTEKO GISA
Alvarezek adierazi duenez, edizio honen ideia eragilea hainbat gairi heltzea da, “injustiziatik eta diskriminaziotik hasi eta erresilientziara eta ahalduntzera. Proiekzio bakoitza sarritan ezkutuan egoten diren errealitateetan sakontzeko eta isilarazi dituztenen ahotsak anplifikatzeko aukera izango da”. Halaber, adierazi du Giza Eskubideen alde borrokatzea ahalegin kolektibo eta etengabea dela, eta ausardia, konpromisoa eta pertseberantzia eskatzen dituela. “Ekintza bakoitzak balioa du, eta ahots bakoitzak garrantzia du. Borroka horrekin bat egitean, mundu justuagoa eta bidezkoagoa eraikitzen laguntzen dugu”.
Gai horiei buruz hausnartzeko, izenburu hauek aukeratu dira: Valentina Cicogna eta Mattia Colomboren Pure unknown, Elena Molinaren Remember my name, Luis ‘Soto’ Muñozen Sueños y pan eta Shiori Itoren Black box diaries. Bilbon estreinatuko diren lau film horiek, gertuko begirada beroa eta gizatiarra erakusten dute jorratzen dituzten gaien eta horien protagonista diren pertsonen inguruan. “Ikus-entzuleei zuzenean hitz egiten dieten aurrekontu txikiko baina eduki emozional handiko lau film dira”, adierazi du Octavio González ZINEXITeko programatzaileak. Erakustaldia Robert Mulliganen Matar a un ruiseñor klasikoaren proiekzioarekin amaituko da.
Amaitzeko, Alvarezek ZINEXITera joateko gonbita egin digu, “kezkatzen gaituzten gure inguruko gaiei buruz hausnartzeko eta eztabaidatzeko, zinema pentsamendu kritikoa sustatzeko erabiliz”.
IKASLE ETA NERABEEI ZUZENDUTAKO EKIMENAK
Aurreko edizioetan bezala, Bilboko Udalarekin dagoen lankidetzak jarraituko du “Bosa!” programarekin eta ZINEXIT Eskola egingo da.
ZINEXIT programaren helburua ZINEXIT Eskola programaren bidez Lehen Hezkuntzako ikasleei umeen oinarrizko eskubideak zinemaren bidez ezagutaraztea da. Programa horretan, material didaktiko espezifikoa banatuko da, eta 6 eta 10 urte bitarteko mila ikasle baino gehiagorentzako proiekzioa egingo da. Edizio honetan Mohammad Kheyrandishen (2022) Izurde mutikoa da aukeratutako izenburua, lehorrean bizitzera erbesteratzen duten arte izurdeek euretako beste bat bezala hazi eta zoriontsu bizi den ume baten istorioa kontatzen duen animaziozko filma. Hortik aurrera, protagonistak bere benetako jatorria argitzeko bidaia egingo du.
IZURDE MUTIKOA TRAILERRA
https://youtu.be/5xUMo6GQvCI?si=iNZj2r9LwWONK-eR
Bigarren hezkuntzako ikasleentzat, erakustaldiak lankidetza-ekimen bat du, Bilboko Udaleko Berdintasun, Bizikidetza, Lankidetza eta Immigrazio Sailaren Bosa! Programa, hain zuzen ere. Aniztasunaren aldeko eta Diskriminazioaren kontrako IrudiBERRIA Elkartearen ekimena da, eta Bizkaiko hiriburuko DBHko ikastetxeei dago zuzenduta.
BOSA!-ren (ANIZTASUNAREN ALDEKO ETA DISKRIMINAZIOAREN AURKAKO PROGRAMA) helburua nerabeak Giza Eskubide Unibertsalak betetzeko konpromisoan eta eskubide horien urraketa-mota guztiekiko sentsibilizazioan heztea da, zinema funtsezko baliabide gisa erabiliz gaitasun kritikoa pizteko eta funtsezko gaiei, pertsona guztientzako justiziari eta eskubide-berdintasunari, buruz, besteak beste, hausnartzeko.
Bilboko Udalaren ekimena DBHko eta Heziketa Zikloetako ikasleei dago zuzenduta, eta kulturartekotasunaren arloko Udal Politikaren barruan sartzen da, Bilbao Kulturarteko Hiria III. Planaren bidez. Plan horrek hezkuntzan oinarritutako esku-hartze eremu sektoriala du. Aurreikuspenen arabera, 1.400 ikaslek eta 84 irakaslek hartuko dute parte azaroaren 27ko eta 28ko proiekzioetan.
Giza Eskubideen inguruko material didaktiko espezifikoaz gain, programak, iaz Malagako Zinemaldiko Ikus-entzuleen Saria eskuratu zuen Elena Molinaren Remenber my name (2023) dokumentala dakar. Film hori bakarrik dauden eta Melillako hesia zeharkatu ondoren, Nana dantza taldea osatu, eta Got Talenten lehiatzeko hautatuak izatea lortu duten adingabeen istorio pertsonalera, ilusioetara eta beldurretara hurbiltzen da. Zuzendariak nor diren erakustea lortzen du, eta horietako bakoitzak izen propioa duela, ‘menak’ terminotik haratago.
REMEMBER MY NAME TRAILERRA
https://vimeo.com/801241439
ZINEXIT 2024 PROGRAMA
Jarraian, ZINEXIT programaren zirriborroa.
Sueños y pan (2023), zinema kinkiaren berpiztea
XIV. edizioa Luis ‘Soto’ Muñoz zuzendari eta gidoilariaren Sueños y pan filmarekin hasiko da. Film luze honek margolan bat lapurtzen duten Javi eta Daniren bilakaera izugarri eta sanchopanceskoa kontatzen du. Koadroaren balioa handia izan daitekeela sumatzean, artelana saltzeko urrats bakoitzean hondatuz doan plana jartzen dute abian. Gizarte-desberdintasuna, aukera falta eta biziraupenaren aldeko borroka dira zinema kinkia berpizten duen opera prima honek jorratzen dituen gaietako batzuk. Bi film handi ditu erreferentziatzat: Buñuelen ‘Los olvidados’ eta Carlos Sauraren ‘Los golfos’.
Proiekzioa amaitzean, solasaldi bat egingo da, eta bertan parte hartuko dute Luis ‘Soto’ Muñoz film luzearen zuzendariak, eta Braulio Gómez Fortes Madrilgo Complutense Unibertsitatean Politika eta Soziologia Zientzian doktoreak.
SUEÑOS Y PAN TRAILERRA
https://youtu.be/27o1gqDrsdQ?si=3DY-lyW2W8B9UxX5
Bigarren jardunaldia, Remember my name (2023) filmaren estreinaldia
Asteartean, hilak 26, Elena Molina zuzendariaren Remember my name dokumentala estreinatuko da; bakarrik dauden adingabeez osatuta dagoen lan gogorraren ondoren Got Talent-en parte hartzeko aukeratua izan zen Nana dantza taldeko kideen bizitzako istorioei egindako begirada intimoa. Zuzendariak gazte horien bizitza, ilusioak eta beldurrak hurbildu nahi dizkigu, eta nortzuk diren eta ‘menak’ terminotik haratago horietako bakoitzak izen propioa duela zaldu.
Solasaldian Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteko Ana Elena Altunak hartuko du parte.
REMEMBER MY NAME TRAILERRA
https://vimeo.com/801241439
Pure unknown (2023), duintasuna eta nortasuna, asteazkeneko filmeko protagonistak
Asteazkenean, ZINEXIT Cristina Cattaneo doktorearen autopsia-aretora hurbilduko da. Mediku forentse hori gauero iristen zaizkion eta etxerik gabeko pertsonenak, sexu-langileenak, nerabe iheslarienak… izan ohi diren izenik eta identitaterik gabeko gorpuei duintasuna emateko borrokatzen da; azkenaldian, gehienak Mediterraneo itsasoak bueltatzen dituen migratzaileak dira. Pure unknown Valentina Cicogna eta Mattia Colombo zuzendarien film dokumentala da; ekoizpen-lan italiarra, suitzarra eta suediarra da.
Migrazioaz haratago, lan honek pertsona guztien identitatean eta duintasunean jartzen du begirada. Hitzaldiaren amaieran, Francisco Etxeberria Gabilondo doktoreak, EHUko Auzitegi Medikuntzako irakasle titularrak, hartuko du parte.
PURE UNKNOWN TRAILERRA
https://mubi.com/es/films/pure-unknown/trailer
Black box diaries (2024), emakume baten borroka justizia bila
Ostegunean, hilak 28, Black box diaries film dokumental japoniarraren txanda izango da. Aurtengo Sundance Zinemaldiaren aurkikuntzetako bat izan da, eta emakume batek justizia bila duen borrokaren kronika kontatzen du.
Shiori Itô praktiketako kazetaria zen, kazetari politiko boteretsu batek drogatu eta bortxatu zuenean. Poliziak eta sistema judizial arkaikoak alde batera utzita, bere ikerketari ekitea erabaki zuen. Filma, nazioartean asko saldu den, eta justiziaren alde egindako borroka nekagarria kontatzen duen bere egunerokoan oinarritzen da. Japoniako sistema judizial eta sozial zaharkituak agerian uzten dituen kasu enblematikoa izan da. Zalantzarik gabe, Iciar Bollainen Soy Nevenka gogorarazten digun gaurkotasun handiko gaia.
Solasaldirako, Oscar Seco Revilla Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarteratze zuzendari nagusia, eta Carmen Muñoz López ekintzaile feminista eta hainbat komunikabidetako kolaboratzailea, izango ditugu.
BLACK BOX DIARIES TRAILERRA
https://youtu.be/zeHfN61S6Gg?si=gsUksdUjyoSbkDa_
Itxiera ostiralean, hilak 29, Matar a un ruiseñor (1962) filmarekin
Tradizioari jarraiki, Giza Eskubideen Zinema Erakustaldia klasiko batekin amaituko da. Oraingoan, Robert Mulliganen Matar a un ruiseñor (To kill a mockingbird) lanaz gozatzeko aukera izango dugu, ñabarduraz beteta dagoen eta mezua eta sentiberatasun bikaina dituen maisulana; arrazakeriaren eta arraza-bereizketaren aurkako alegatua eta haurtzaroaren ikuspegi paregabea, Gregory Pecken ibilbide osoko interpretaziorik onenetakoa izateaz gain.
Matar a un ruiseñor filmak 25. Postua betetzen du American Film Institute-k 2007an egindako AEBetako film onenen zerrendan. Eta 1995etik «kulturalki, historikoki eta estetikoki esanguratsu» gisa jotzen du Estatu Batuetako Kongresuko Liburutegiak.
Zalantzarik gabe, film bikaina Giza Eskubideen Zinema Erakustaldi hau ixteko.
MATAR A UN RUISEÑOR TRAILERRA
https://youtu.be/KR7loA_oziY?si=sKcFnk_4-oU4JdR7
Informazio gehiago: Aintzane Zorrilla Pérez ZINEXITEKO PRENTSA BULEGOA
Tel. 678 547 712
aintzane.zorrilla@gmail.com