• Sari asko jaso dituzten hiru dokumental, Hitchcocken erabateko estreinaldi bat eta klasiko bat, azaroaren 25etik 29ra, Bilboko Golem Alhondiga zine aretoetan (Sarrera librea, 19:30ean eta ondoren solasaldia)
  • Erakusketa “El Cuarto Reino” lanak inauguratuko du, aurten Madrilgo, Atlantako eta Amsterdamgo jaialdietan sariak lortu dituen New Yorkeko auzo marjinal bateko eguneroko bizitzaren isla. Adan Aliaga zuzendaria jaialdian egongo da
  • Ume errefuxiatuei buruzko “Awlad – Hesiak Gainditu” euskal dokumentala Zinexiten estreinatuko da ostegunean, azaroaren 28an, Ane Irazabal kazetaria, filmaren zuzendarietako bat, bertan dela
  • Programazioak umeentzako saio bat eta DBHko ikastetxeei zuzendutako Bilboko Udaleko Lankidetza, Bizikidetza eta Jai Sailaren Bosa! Ekimena barne hartzen ditu
  • Zinexit Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritzak antolatzen du, eta Gasteizera, Barakaldora eta Basaurira ere zabalduko da

 

BIDEOA ZINEXIT 2019: https://vimeo.com/374128203

Bilbon, 2019ko azaroaren 22an.- Giza eskubideen gaiarekin erlazionatutako urteko nazioarteko dokumental aipagarrienetako hiru; “Awlad – Hesiak Gainditu” euskal ekoizpenaren erabateko estreinaldia; eta Alfred Hitchcocken “Falso Culpable” klasikoaren proiekzioa dira ZINEXITen, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Giza Eskubideen Zinema Erakustaldiaren, hamargarren edizioko programaren ardatza. Filmak doan proiektatuko dira 19:30ean Bilboko Golem Alhondiga zine aretoetan, datorren asteko astelehenetik ostiralera, eta saio bereziak ere egongo dira Gasteizen, Barakaldon eta Basaurin.

ZINEXIT sendo heldu da hamargarren ediziora, filmak ikustetik askoz harago doan ekimen gisa: alde batetik, proiekzioen ondoren, solasaldiak egiten dira film bakoitzak erakusten duen gaiaren inguruan, gonbidatu bereziekin; bestetik, erakustaldiak lehen hezkuntzako eta DBHko ikasleei zuzendutako saio bereziak biltzen ditu, Bilboko Udalarekin lankidetzan. Erakunde laguntzaileen artean Amnistia Internazionala, Euskal Herriko Munduko Medikuak eta Euskadiko Errefuxiatuei Laguntzeko Batzordea (CEAR) daude.

Erakustaldia, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzarako Idazkaritzak bultzatutako proposamen gisa sortu zen. Monica Hernando Lehendakaritza Saileko Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariaren iritziz, orain arte egindako edizioek denen lana eta esfortzua eskatu dute, eta bertan, Zinexit hazi eta jendearengana hurbiltzen saiatu da, “gaur egun giza eskubideek dituzten erronka handien inguruan eztabaida kritikoak eta hausnarketa sakonak sustatzea bultzatuz, eta hori guztia filmek pizten dizkiguten emozioen bidez”. Aurten, hamargarren urteurrena beteko du Zinexitek, eta pertsona orok zoriona bilatzeko duen eskubidea aldarrikatuz egingo du. Programazio zabalaren bidez, aukera desberdintasuna, gizarte ongizaterako eskubidea, jazarpen politikoak eragindako immigrazioa, haurtzaroa eta hezkuntza landuko dira.

Erabateko estreinaldia

ZINEXITen 2019ko edizioak erabateko estreinaldi bat izango du aurten, “Awlad – Hesiak Gainditu” euskal dokumentalaren estreinaldia, hain zuzen ere. Euren jatorrizko herrialdeetako indarkeriatik ihes egin duten eta gaur egun Berlinen, Greziako Samos uhartean, errefuxiatu eremu batean eta Oñatin (Gipuzkoa) bizi diren bi neskatoren eta bi mutikoren historia. Filma, herrialde arabiarrak eta migrazio mugimenduak ondo ezagutzen dituzten bi kazetarik zuzendu dute, Cosimo Caridi italiarrak eta Ane Irazabal euskaldunak. Azken horrek, beste batzuen artean, Euskal Telebistako berriemaile moduan egin du lan.  Filmaren proiekzioaren ondorengo solasaldietan egongo da Irazabal, bai ostegunean, azaroaren 28an, Bilbon, bai ostiralean, hilaren 29an, Gasteizen ere.

AWLAD https://vimeo.com/373858682

ZINEXITen aurtengo edizioko beste hiru filmak aurten bertan estreinatu dira, eta aintzatespen ugari lortu dituzte nazioarteko jaialdietan. Astelehenean erakustaldia inauguratuko duen “El Cuarto Reino”, zailtasunak dituzten estatubatuarrak eta legez kanpoko etorkinak bizi diren New Yorkeko Brooklyngo komunitate baztertu bateko eguneroko bizimodua islatzen duen Espainiako ekoizpen lana da. Adan Aliagak eta Alex Lorak zuzendu dute, eta sariak jaso ditu Documenta Madrid, Atlanta Film Festival eta Ámsterdam Film Festival jaialdietan. Aliaga astelehenean, azaroaren 25ean, Bilbon egingo den emanaldira etorriko da eta ondorengo solasaldian parte hartuko du.

EL CUARTO REINO: https://vimeo.com/372810183

Beste bi filmak hauek dira: talibanengandik ihes egin duen eta nazioarteko sei jaialditan (Berlin eta Sundance, besteak beste) sariak jaso dituen zine zuzendari afganiar baten inguruko “Midnight Traveler” (EEBB-Katar-Kanada-Erresuma Batua ekoizpena), eta “Con el Nombre de Tania” Perun pertsonen salerosketaren eta behartutako prostituzioaren biktima baten biziraupenari buruzko ekoizpen belgikarra, nazioarteko lau sari jaso dituena. Bi film horiek astearterako, azaroaren 26rako, eta asteazkenerako, hilaren 27rako, programatu dituzte, hurrenez hurren.

MIDNIGHT TRAVELER: https://vimeo.com/372810225

CON EL NOMBRE DE TANIA: https://vimeo.com/372810258

Amaiera luxuzko klasiko batekin

Iaztik aurrera, giza eskubideei buruzko zinearen historiako izenburu handiei eskaintzen zaien ZINEXIT Classic sekzioari dagokionez, oraingo honetan “Falso Culpable” izan da aukeratutako izenburua, lapurreta bat dela eta modu okerrean akusatutako gizon bati buruz Alfred Hitchcockek egindako lan ahaztezina, ohiko thrillerretatik urrun dagoen drama errealista eta Henry Fondarekin egin zuen lan bakarra. Film horrek itxiko du zikloa Bilbon, azaroaren 29an, ostiralean.

ZINEXIT CLASSIC: FALSO CULPABLE: https://vimeo.com/372810329

Beste udalerri batzuetara zabaltzea eta gazteentzako emanaldiak

Azken edizioetan bezala, eta udalerri bakoitzeko Udalen laguntzarekin, ZINEXITek Barakaldora, Basaurira eta Gasteizera eramango ditu hiru saio. Barakaldok “Con el Nombre de Tania” filmaren proiekzioa hartu zuen asteazkenean, eta Gasteizko Florida zine aretoetan “Awlad” programatu da datorren ostiralerako; Ane Irazabal solasaldian egongo da. Abenduaren 4an, asteazkenean, 19:00etan, Basauriko Social Antzokiaren txanda izango da, eta bertan “Midnight Traveler” ikusi ahal izango da.

Orain arte Lehen Hezkuntzako 1. mailatik 4. mailara bitarteko 7.000 ikasleren partaidetza izan duen Zinexit Eskola programari dagokionez, ZINEXITen aurtengo edizioan aukeratutako filma 2018ko animazio film islandiarra izan da, euskarara bikoiztutakoa, “Ploey, ez duzu inoiz bakarrik hegan egingo”, migrazioaren garaia iristen denean hegan egiten ikasteko arazoak dituen urre-txirri gazte baten istorio hunkigarria. Eskola saioak berariazko material didaktikoa dauka, irudiBERRIA Elkarteak erakustaldirako egindakoa, bai irakasleentzat bai ikasleentzat.

ZINEXIT ESKOLA: PLOEY https://vimeo.com/372810343

Bestalde, Bilboko Udaleko Lankidetza, Bizikidetza eta Jai Arloak BOSA! Programa antolatu du ZINEXIT egiten den astean zehar. Aniztasunaren aldeko eta Diskriminazioaren kontrako irudiBERRIA Elkarteak egindako ekimena da, Bilboko DBHko ikastetxeei zuzenduta. Edizio honetan, programak euskarazko eta gaztelaniazko sei film labur eta zurrumurruen aurkako estrategia eta giza eskubideen garapena lantzeko material didaktiko espezifiko bat jasoko ditu.