• Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak antolatutako ziklo honen barruan, bost film eskainiko dira AlhondigaBilbaoko Golem zinemetan, urriaren 13tik 16ra bitartean. SARRERA DOAKOA IZANGO DA AFOROA BETE ARTE
  • Donostian apezpiku ibili zen Juan Mari Uriarteren liburu batean oinarritu eta indarkeriaren euskal biktimen testigantza berriak biltzen dituen Reconciliación’ dokumentalaren ERABATEKO ESTREINALDIAZ gain, aurtengo edizioan honako film hauek pantailaratuko dira: ‘Lasa eta Zabala’, Donostia Zinemaldian estreinatutakoa; ‘Circles’, Balkanetako gerra gogora ekarri eta Sundance Jaialdiko Epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuena; eta ‘Light fly, fly high’, emakumearen Indiako kasta-sistemako egoera salatzen duen filma, 2013an Amsterdameko IDFA jaialdiko Oxfam Saria irabazi zuena
  • Lehenengo aldiz, zikloak haurrei zuzendutako saio bat programatu du, 6 eta 10 urte tarteko neska-mutilek ‘Tormeseko Itsumutila’ pikareskako klasikoaren marrazki bizidunetako bertsioaz gozatu eta haurren eskubideen esparrua lantzeko aukera izan dezaten, bereziki hezkuntza eskubideari dagokionez
  • Aurten, zikloak Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza eta Herritarren Saileko Bosa! aniztasunaren aldeko eta diskriminazioaren aurkako programak aukeratutako sei film labur eskainiko ditu
  • Filmen ondoren, zuzendariek, antzezleek, biktimek, kazetariek eta giza-eskubideen aldeko erakundeetako kideek jendeari irekitako solasaldietan parte hartuko dute

Bilbon, 2014ko urriak 10.– Aurten ere, ondoz ondoko bosgarren urtez, zinemak, Giza Eskubideen urraketa larrien ondorioei buruz eta ondorio horiek gaindituz bizikidetza eraikitzeko moduei buruz gogoeta egitea ahalbidetzen duen bide egokia dela frogatu du, Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak BilbaoAlhóndigako Golem zinemetan, urriaren 13tik 16ra bitartean, antolatu duen Zinexit erakusketari esker. Aurten, zinemaren zeregin hezitzailea indartzeko asmoz, zikloak, haurrei zuzendutako saio berezi bat eta Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza eta Herritarren Saileko Bosa! Aniztasunaren aldeko eta Bazterkeriaren aurkako Programak aukeratutako sei film labur gaineratuko dizkio aurreikusitako programazioari. Zinexit-ek bost film eskainiko ditu aurtengo edizioan. Zikloa astelehenean, hilak 13, 20:00etan hasiko da, ‘RECONCILIACIÓN’ filmaren erabateko estreinaldiaz. Sarrera doakoa izango da aforoa bete arte.

Hasierako saioan, bertaratutakoek, Fermin Aiok Donostian apezpiku ibili zen Juan Mari Uriarteren liburuan oinarrituta landu duen ‘Reconciliación’ izenburuko dokumentalaren erabateko estreinaldiaz gozatzeko aukera izango dute. Berrogeita hamar minutuko iraupenaz, filmak ETAren, Komando Autonomo Antikapitalisten, GALen eta polizia-abusuen biktimen seme-alabak bildu ditu, haien artean hitz egin eta indarkeriaren ondorioez eta hauek gainditzeko premiaz eta gaitasunaz gogoeta egin dezaten. Egileen esanetan, filma “biktimenganako hurbilketa emozionala da”, eta bere helburua, “etorkizunera begira biktimen samina aintzakotzat hartu eta bizitzan aurrera egitea erraztuko dien ikuspuntu bat bilatzea” da.

Uriarteren hausnarketekin batera, filmak testigantza berriak ere eskaintzen ditu: 1977an polizia-abusuen biktima izan zen Francisco Javier Nuñez Fernandezen alaba Ines Nuñezena, eta Komando Autonomoek hil zuten Juan Manuel Garcia Corderoren seme Iñaki Garcia Arrizabalgarena. Gainera, bi muturretako biktimen ondorengoen arteko elkarrizketak aurkezten ditu. Elkarrizketa hauetako batean, aurrez aurre azaltzen dira Edurne Brouard, GALek hil zuen Santiago Brouard HBko militantearen alaba, eta Fernando Garrido, ETAk hil zuen Rafael Garrido jeneralaren semea. Beste batean, parez pare eseri dira Andoitz Korta, ETAk hil zuen Joxe Mari Kortaren semea, eta Pili Zabala, GALek hil zuen Joxi Zabalaren arreba. Horiez gain, Josu Elespe eta Sara Buesa ere agertzen dira, ETAk hil zituen Froilan Elespe eta Fernando Buesa politikari sozialisten seme-alabak, hurrenez hurren.

Asteartean, 19:30etan, ‘Circles’ filmak Balkanetako gerratik sendatu gabe geratu diren zauriak ezagutaraziko dizkio publikoari. Iazko Sundance Jaialdian Epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuen film honek Srdjan Aleksic soldadu serbiarraren istorioa du oinarri, bere lagunek zibil bosniar bat hiltzea eragotzi baitzuen. Keinua bizitzaren prezioan ordaindu zuen. Hamabost urte geroago, 2008an, Serbia, Alemania, Frantzia, Kroazia eta Esloveniaren arteko koprodukzio honek Aleksic-en oroimena berreskuratu zuen, senide eta lagunen ahotik, eta serbiarrak salbatu zuen gizonaren ahotik. Srdan Golubovic zuzendariaren hitzetan, “horrelako egitada heroiko eta errukitsu batek ekintza onak eragin eta pertsona hobeak bihurtzen ote gaituen” gogoeta egitea da film honen helburu nagusia.

Asteazkenean, 19:30etan, zikloak Indiako kasta-sistemaren errealitate gordina eta emakumeek pairatzen duten diskriminazioa aztertuko du, jaiotzez miseria gorrian bizitzera eta genero-desberdintasunen biktima izatera kondenatuta dagoen Thulasi izeneko ‘ukiezin’ baten istorioaren bitartez. Zernahi gerta ere, Thulasik halabeharrari aurre egitea erabaki du, eta horretarako biderik onena boxeoan jardutea dela konturatu da, Gobernuak eliteko kirolariei ematen dizkien beka horietako bat lortuz. Susan Ostergaard-i eta Beathe Hofseth-i Amsterdameko 2013ko IDFA jaialdiko Oxfam Saria eskuratu eta mugimendu feministan harrera paregabea lortzen ari den ‘Light fly, fly high’ filmak lau urteko jarraipena egin dio Thulasiri, “borrokarik latzenak ringetik kanpo” daudela egiaztatzeko.

Zinema-ziklo honen bosgarren edizioa amaitzeko, ostegunean, 19:30etan, ‘Lasa eta Zabala’ pantailaratuko da, Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren desagerpenaren ikerketaz Donostia Zinemaldian estreinatu berri den filma. Pablo Malo zuzendaria eta Joanes Urkixo gidoilaria kasuaren sumarioan oinarritu dira istorioa lantzerakoan, eta zera egiaztatu ahal izan dute, “muturretan bizi garela oraindik, oso zaila dela jarrerak elkartzea eta batak bestearen mina aintzat hartu eta ulertzea”. Filmaren helburua, “bakoitzak dagozkion ardurak bereganatzea da, leihoak ireki eta aire berria sar dadin”.

Haurrak eta gazteak
Aurten 25 urte bete dira Haurraren Eskubideei buruzko Nazioarteko Hitzarmena sinatu zela. 193 herrialdek sinatu duten Hitzarmen hau aho batez onartu zuen Nazio Batuen Batzar Nagusiak 1989ko azaroaren 20an. Honen kariaz, hezkuntza eskubidea lantzearren, zikloaren bigarren saioa 10:00etan hasiko da, haurrei zuzenduta programatu den lehendabiziko emanaldiaz, ZINEXIT ESKOLA sail berriaren barruan. Horrela, Lehen Hezkuntzako lehenengo, bigarren, hirugarren eta laugarren mailetako ikasleek (sei eta hamar urte tartekoek) ‘Tormeseko Itsumutila’ pikareskako klasikoaren marrazki bizidunetako bertsioaz gozatzeko aukera izango dute. Hauxe dugu, iazko Donostia Zinemaldian euskal zinemagile baten ibilbideari eskainitako Zinemira Saria irabazi zuen Juanba Berasategiren azken lana.

Gainera, zinemaren balio hezitzailea azpimarratzeko, asteazken eta osteguneko programazioan, zikloak, Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza eta Herritarren Saileko Bosa! aniztasunaren aldeko eta diskriminazioaren aurkako programak 12 eta 16 urteko gazteentzat aukeratutako sei film labur proiektatuko ditu. Film labur horiek –bi saiotan eskainiko dira asteazkenean, eta saio bakar batean ostegunean– bizikidetzaren eta berdintasunaren alderdi desberdinak jorratuko dituzte. Hauexek dira saio horietan eskainiko diren lanak: ‘El doctor’, ‘El tío’, ‘Alia’, ‘Gris’, ‘Stop’ eta ‘La boda.

Solasaldiak
Film guztien proiekzioen ondoren, iritziak eta iruzkinak partekatzeko solasaldi bat egingo da (haurrentzako saioko filmean izan ezik):

Astelehena, urriak 13 (‘Reconciliación’)

  • Fermin Aio, filmaren zuzendaria
  • Dokumentalaren protagonista batzuk

Asteartea, urriak 14 (‘Circles’)

  • Patricia Barcena, Cear Euskadiko zuzendaria
  • Redzija Subasic, Euskadin bizi den errefuxiatu bosniarra

Asteazkena, urriak 15 (‘Light fly, fly high’)

Ainhoa Zugasti, Amnesty Internationaleko ekintzailea, Zuzenbidean lizentziatua eta Ekintza Humanitarioko Masterra duena

Osteguna, urriak 16 (‘Lasa eta Zabala’)

  • Pablo Malo, filmaren zuzendaria
  • Unax Ugalde, antzezlea

Zinexiti buruz
Zinexit, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzaren menpeko Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiko Biktima eta Giza eskubideen aldeko Zuzendaritzak antolatutako Zinema erakusketaren 5. edizioa da. Lehendabiziko edizioa Bilbon ospatu zen 2010ean, Bizikidetza Demokratikoa eta indarkeriaren deslegitimizazio Planaren barruan (2010/2011). Ekimen honek, bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatu nahi du, duintasunean eta oinarrizko giza eskubideen errespetuan oinarrituta, eztabaidarako eta ideiak aurrez-aurre jartzeko hiritarren espazio sozialak sustatu nahi ditu, elkarren arteko errespetua, oinarrizko printzipioak eta baloreak izanik.

Heziketarako erreminta sozializatzaile eraginkorra da zinema, ikuslea errealitate ezberdinak bizitzera eramaten duena, eta gizarteko injustizien aurrean, zentzu kritikoa sortarazten duena. Zentzu honetan, Zinexit ekimena, bakerako bidean, heziketa bat ematea du helburu, bizikidetza eta ezagutza moduan ulertuta, hausnarketa eta giza eskubideen sustapenerako baliagarri. Aurreko edizioetan bezala, erakustaldi hau giza-pedagogiaren proposamen bat da eta bere helburua, publikoak Giza Eskubideen eta Bizikidetza Demokratikoaren arloko zenbait edukiren inguruko eskaerak bideratu nahi ditu, eztabaida guneak sortu asmoz.