• Norvegiako film honek Indiako kastarik apalenean jaio den Thulasi izeneko neskatxaren istorioa kontatzen du, nola diharduen egunez egun boxeoan borrokan beka bat lortu eta halabeharrari ihes egiteko asmoz
  • Filmak lau urteko jarraipena egin dio gazteari, emakumea izanik “borrokarik latzenak ringetik kanpo” daudela egiaztatzeko. Filmaren ondoren, Ainhoa Zugasti, Amnesty Internationaleko ekintzailea, Zuzenbidean lizentziatua eta Ekintza Humanitarioko Masterra duena, jendeari irekitako solasaldi batean azalduko da
  • Amsterdameko IDFA jaialdiaren azken edizioan Oxfam Saria irabazi zuen film hau AlhóndigaBilbaoko Golem Zinemetako 1 Aretoan eskainiko da, 19:30etan.
  • SARRERA LIBREA DA AFOROA BETE ARTE

Bilbon, 2014ko urriak 15.- Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritza aste honetan BilbaoAlhóndigako Golem zinemetan egiten ari den Zinexit erakusketak Indiako gizarte-kasta apalenetako emakumeei buruzko hurbilketa bitxia eskainiko du gaur, ASTEAZKENA, hilak 15, Amsterdameko Zinema Dokumentalaren Jaialdiaren azken edizioan Oxfam Saria irabazi zuen ‘Light fly, fly high’ filmari esker. Saioa 19:30etan hasiko da AlhóndigaBilbaoko Golem Zinemetako 1 Aretoan. Sarrera librea izango da aforoa bete arte.

Susan Ostergaard eta Beathe Hofseth zinegile norvegiarrek Indiara egindako bidaia batean ezagutu zuten Thulasi izeneko gaztetxo ‘ukiezina’, hau da, Indiako kastarik apalenean jaiotakoa. Honen ondorioz, Thulasi miseria gorrian eta pobrea eta emakumea izateak dakarren diskriminazio bikoitzaren pean bizitzera kondenatuta zegoen. Baina Ostergaard eta Hofsethen harridurarako, gazteak aparteko plana asmatu du halabeharra aldatzeko: boxeoan jardutea.

Ondorengo lau urteetan, zinegileek hainbat aldiz bisitatu zuten Asia aldeko herrialde erraldoia, Thulasi eliteko kirolari bihurtu eta Gobernuak atleta onenen artean banatzen dituen beketako bat eskuratzeko egiten ari den egunez eguneko ahaleginaren jarraipena egiteko asmoz. Mugimendu feministan harrera paregabea lortzen ari den ‘Light fly, fly high’ filmak 80 minututan laburbildu du nerabeak helduarora egindako bat-bateko bidaia hori, “borrokarik latzenak ringetik kanpo” daudela egiaztatzeko.

Filmaren ondoren, Ainhoa Zugasti, Amnesty Internationaleko ekintzailea, Zuzenbidean lizentziatua eta Ekintza Humanitarioko Masterra duena, jendeari irekitako solasaldi batean azalduko da.

Ziklo honetako programazioa bihar, ostegunez, amaituko da, hilak 16, Unax Ugalde protagonista duen ‘Lasa eta Zabala’, Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren desagerpenaren ikerketari buruzko filmaren proiekzioaz, areto komertzialetan estreinatu baino egun bat lehenago.

Zinexiti buruz
Zinexit, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzaren menpeko Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiko Biktima eta Giza eskubideen aldeko Zuzendaritzak antolatutako Zinema erakusketaren 5. edizioa da. Ekimen honek, bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatu nahi du, duintasunean eta oinarrizko giza eskubideen errespetuan oinarrituta, eztabaidarako eta ideiak aurrez-aurre jartzeko hiritarren espazio sozialak sustatu nahi ditu, elkarren arteko errespetua, oinarrizko printzipioak eta baloreak izanik.

Heziketarako erreminta sozializatzaile eraginkorra da zinema, ikuslea errealitate ezberdinak bizitzera eramaten duena, eta gizarteko injustizien aurrean, zentzu kritikoa sortarazten duena. Zentzu honetan, Zinexit ekimena, bakerako bidean, heziketa bat ematea du helburu, bizikidetza eta ezagutza moduan ulertuta, hausnarketa eta giza eskubideen sustapenerako baliagarri. Aurreko edizioetan bezala, erakustaldi hau giza-pedagogiaren proposamen bat da eta bere helburua, publikoak Giza Eskubideen eta Bizikidetza Demokratikoaren arloko zenbait edukiren inguruko eskaerak bideratu nahi ditu, eztabaida guneak sortu asmoz.