• Donostia Zinemaldiaren azken edizioan aurkeztutako film hau kasuaren sumarioan oinarritu da, euskal gatazkan “norberak dituen erantzukizunei buruz” gogoeta egitera gonbidatzen duen thriller poliziakoa osatzeko
  • Filma 19:30etan pantailaratuko da AlhóndigaBilbaoko Auditorioan. Sarrera librea izango da aforoa bete arte
  • Filmaren ondoren, Pablo Malo zuzendaria eta Unax Ugalde antzezle nagusia jendeari irekitako solasaldi batean azalduko dira

www.lasaetazabala.com

Bilbon, 2014ko urriak 16– “Gogoan dituzu duela urte pare bat Frantzian desagertu ziren bi etakide horiek?”. Galdera horrexek ematen dio hasiera, ‘Lasa eta Zabala’ izenburuaz euskal gatazkari buruz landutako azken hurbilketa zinematografikoaren trailerrari. Galdera horretatik abiatuta, filmak gure historiako azkenaldiko atalik beltzenetako baten aurrean kokatzen gaitu. Duela hiru aste Donostia Zinemaldian aurkeztu zen film honek amaiera emango dio gaur, ostegunez, areto komertzialetan estreinatu baino egun bat lehenago, Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak antolatutako Zinexit zine-erakusketaren bosgarren edizioari. Filma Monika Hernando Eusko Jaurlaritzako Bikatimen eta Giza-Eskubideen zuzendariak eta filmaren lantaldeko zenbait kide ondoan dituztela: Pablo Malo zuzendaria, Joanes Urkijo gidoilaria, eta Unax Ugalde antzezle nagusia. Filma 19:30etan pantailaratuko da AlhóndigaBilbaoko Auditorioan. Sarrera librea izango da aforoa bete arte.

Malo eta Urkijo kasuaren sumarioan oinarritu dira istorioa lantzerakoan, eta zera egiaztatu ahal izan dute, “muturretan bizi garela oraindik, oso zaila dela jarrerak elkartzea eta batak bestearen mina aintzat hartu eta ulertzea”. Filmaren helburua, “bakoitzak dagozkion erantzukizunak bereganatzea da, leihoak ireki eta aire berria sar dadin”.

Ikuspuntu zinematografiko hutsetik, “kaltetuekiko, senideekiko eta gertatuarekiko errespetutik abiatuta”, Malok eta Urkijok thriller poliziako bat osatu dute. “Fikziozko eta zinemazko alderdiei eutsirik, istorioa thriller gisa kontatu nahi dugula esan behar, istorioak osagarri ugari eskaintzen baitigu, polizi eta ikerketa generoari dagozkionak: bi gazte Iparraldean desagertu eta, Donostiara ekarriak izan ondoren, han torturak jasango dituzte harik eta Alacantera eraman eta bertan kare biziz lurperatuak izan arte. Zenbait urte beranduago, ehiztari batek haien gorpuak aurkituko ditu eta, kargu hartzen duen poliziak hain indarrean den narkotrafikoarekin lotuko ditu hasieran. Beste hamar urte igaroko dira, ordea, buru-hilketa, salaketa, aitorpen eta goi mailako pertsonen inplikaziozko trama korapilatsu baten argitara, orduko polizia berberak gorpu haiek ehunka kilometrora desagertuak ziren gazteekin erlazionatu arte

Filmaren ondoren, Pablo Malo eta Unax Ugalde jendeari irekitako solasaldi batean azalduko dira.

FILMAREN SINOPSIA
1983ko urria. Joxean Lasa eta Joxi Zabala euskal errefuxiatuak Baionan desagertu dira aztarnarik utzi gabe eta, jarraian, GAL deritzonaren atentatu andana bati hasiera emanez. Iñigok, senideen abokatuak, uste orokorrari aurre egin beharko dio laster: baliteke bi gazteak sekula berriro ez agertzea.

1995. Hamabi urte igaro dira. Jesus García Alacanteko poliziak, GALi buruz aditzera eman diren zertzeladak direla eta, kasu zahar bat irekiko du berriro, erailda eta kare biziz lurperatuta agertu ondoren hamar urtez identifikatu gabe egon diren bi gorpuak Joxean eta Joxirenak izan daitezkeela susmatuz. Gorpuak etxeratu eta Tolosan lurperatuak izango dira, tentsio handiko giroan hara bildu diren ertzainekin. Handik laster sumarioa irekitzen denean, Iñigo eta Fede bere laguntzaile gaztea, epaile instruktorearekin eta fiskalarekin elkarlanean, Rodriguez Galindo Guardia Zibilaren koronelaren eta Elgorriaga gobernadore ohiaren inguruan ikertzen hasiko dira, hauek Joxean eta Joxiren bahiketan eta erailketan erantzukizuna badutela antzeman arte. Baina, hala frogatzeko bide luze eta bihurrian, botereari atxikita dauden etsaien joko zikinari aurre egin beharko diote, aldi berean euren barne gatazkak gaindituz eta bien biziak arrisku larrian jarriz.

FITXA TEKNIKOA
Filma ABRA Prod enpresak ekoitzi du ETB eta TV3ren partaidetzaz eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eta ICAAren laguntzaz.

Zuzendaritza: Pablo Malo
Ekoizpen Betearazlea: Joxe Portela
Ekoizleak: Joxe Portela, Alberto Gerrikabeitia eta Joan Antoni Gonzalez
Gidoia: Joanes Urkixo
Argazki-zuzendaria: Aitor Mantxola
Musika: Pascal Gaigne
Filmaketako hizkuntza: euskara eta gaztelania

FITXA ARTISTIKOA
Iñigo: Unax Ugalde Galindo: Francesc Orella
Bayo: Oriol Vila Joxean Lasa:Jon Anza
Joxi Zabala: Cristian Merchan Dorado: Ricard Sales
Vaquero: Javier Mora Marrero: Iñaki Ardanaz
Fede: Iñigo Gastesi Amaia: Itziar Ituño
Instrukzio-epailea: Pep Tosar Jesus Garcia: Sergi Calleja
Ahozko bistako epailea: Aitor Mazo Fiskala: David Pinilla
Argote: Carlos Olalla Txofo: Andrés Gertrudix

Zinexiti buruz
Zinexit, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzaren menpeko Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiko Biktima eta Giza eskubideen aldeko Zuzendaritzak antolatutako Zinema erakusketaren 5. edizioa da. Lehendabiziko edizioa Bilbon ospatu zen 2010ean, Bizikidetza Demokratikoa eta indarkeriaren deslegitimizazio Planaren barruan (2010/2011). Ekimen honek, bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatu nahi du, duintasunean eta oinarrizko giza eskubideen errespetuan oinarrituta, eztabaidarako eta ideiak aurrez-aurre jartzeko hiritarren espazio sozialak sustatu nahi ditu, elkarren arteko errespetua, oinarrizko printzipioak eta baloreak izanik.

Heziketarako erreminta sozializatzaile eraginkorra da zinema, ikuslea errealitate ezberdinak bizitzera eramaten duena, eta gizarteko injustizien aurrean, zentzu kritikoa sortarazten duena. Zentzu honetan, Zinexit ekimena, bakerako bidean, heziketa bat ematea du helburu, bizikidetza eta ezagutza moduan ulertuta, hausnarketa eta giza eskubideen sustapenerako baliagarri. Aurreko edizioetan bezala, erakustaldi hau giza-pedagogiaren proposamen bat da eta bere helburua, publikoak Giza Eskubideen eta Bizikidetza Demokratikoaren arloko zenbait edukiren inguruko eskaerak bideratu nahi ditu, eztabaida guneak sortu asmoz.