• Mathieu Denisek 2014an zuzendutako filma, Toronto eta Vancouver (Kanada), Goa (India) eta Berlineko (Alemania) nazioarteko zinemaldietan aurkeztu izan da
  • Emanaldiaren ondorengo solasaldian, Giza Eskubideen Foroko Presidente den Maria Eugenia Ramosek hartuko du parte
  • Goizean DBHko ikasleei zuzendutako BOSA! Programari dagozkion film laburrez osatutako bildumaren emanaldiak izango dira, Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaiak Sailaren lankidetzarekin

(19:30ean SALA 1 GOLEM AZKUNA ZENTROA-ALHÓNDIGA BILBAOko GOLEMETAKO 1. Aretoan. Sarrera doan, eta gonbidapena jaso behar da leihatilan)

Bilbao, 2015eko urriak 27.- ZINEXIT, Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak antolatutako Elkarbizitzaranzko Zine Erakusketak, “Corbo”, kanadar filma programatu du biharko. 16 urterekin, bonba bat jartzen ari zela hildako Quebec-eko Askatasun Taldeko militante gazte baten gertaera dramatikoa azaltzen digu film honek. 2014an, Mathieu Denisek zuzendutako film honek, 119 minutuko iraupena dauka eta besteak beste, Toronto eta Vancouver (Kanada), Goa (India) eta Berlineko (Alemania) nazioarteko zinemaldietan aurkeztu izan da.

1966ko udaberrian Montrealen girotutako film honek, Quebeceko ama eta aita italiarra izateagatik, leialtasun biren artean dabilen Jean Corbo gaztearen gorabeherak azaltzen dizkigu. Ezker muturreko bi militanteren lagun egin ondoren, Kanadako lurralde frankofonoaren independentzia aldarrikatzen zuen Quebeceko Askatasunaren aldeko Talde erradikal klandestinoarekin egingo du bat. Talde hau indarrean egon zen 1963 eta 1972a bitartean, eta 160 bat atentatu burutu zituen, zortzi lagunen heriotza sortuz, besteak beste, bonba bat jartzen ari zela 1966ko uztailean hil zen Jean Corborena.

“Laurentie” (2011) lehenengo filmarekin zenbait sari lortu zituen Mathieu Denis kanadarraren bigarren film luzea dugu hau. Pertsonaia nagusien artean Anthony Therrien, Antoine L’Ecuyer eta Karelle Tremblay aktoreak dituen “Corbo”, 19:30ean eta jatorrizko bertsioan azpidatzirik eskainiko da Azkuna Zentroko (Alhóndiga Bilbao) Golem zinemetan, eta emanaldiaren ondoren, solasaldi irekia izango da Giza Eskubideen Foroko Maria Eugenia Ramosen parte-hartzearekin. Sarrera librea eta doakoa da aforoa bete arte (gonbidapena jaso behar da leihatilan).

Filmaren aurrerakina: httpss://vimeo.com/117628407

Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaiak Sailaren lankidetzarekin batera antolatutako BOSA! Programaren emanaldiak izango dira goizean DBHko ikasleentzako.. Bilboko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1., 2., eta 3. mailetako 901 ikasle eta 44 irakaslek hartuko dute parte Golem zinemetan eskainiko diren emanaldietan. Biharkoak 9:00 eta 11:00etan izango dira.

Garapen bidean dagoen herrialde baten eta “Lehenengo Munduko” beste baten artean dauden desberdintasunak “Un día en el campo” film laburrarekin jorratuko dira. Ines Encisoren “Mofetas” eta Jon Garañoren “On the line” filmek, muga ilegalki zeharkatzearen gorabeherak jorratzeko aukera eskainiko digute. Eta azkenik, etorkinei buruzko aurreiritziak edota arraza arazoengatiko bazterkeriari buruzko gogoetarako bidea ematen digute “Abimbowe”, “Besterik ez”, “Jazmín” eta “Uwe+Uwe” film labur bezain bitxiek. Doakoak diren emanaldien aurretik aurkezpen labur bat izango da eta amaieran, ikasle eta irakasleen iritziak jasoko dira 2015-2016 ikasturte bukaerako programaren ebaluazioa egiteko. Zinematik atera eta ikasgeletara itzultzean, ikasleek programaren helburuak jorratzeari ekingo dio, horretarako luzatuko zien Didaktika Unitatearen bitartez.